Mezuak

Data honetako argitalpenak ikusgai: 2010

Zorionak eta Urte Berri On!

Zorionak eta Urte Berri On!!!!

Udazkena Deustuko parkean

Haur Hezkuntzako ikasle eta irakasleok udazkena zer den deskubritzeko asmoz Deustuko parkera hurbildu ginen. Horra joan baino lehen jarraitu behar genuen ibilbidea ondo aztertu genuen baita marraztu ere. Kolore eta forma ezberdinetako hostoak bildu genituen ikasgeletan hainbat ekintza burutzeko. Auzoa ezagutu eta udazkeneko ezaugarriak ikasiz gain oso ondo pasa genuen parkeko kolunpioetan eskolako lagunekin jolasten, hori bai dibertigarria!!! Haur Hezkuntza

Landareak

Inguru arloan landareen gaia bukatu genuenean bisita egin genien txikiei. Lehendabizi, irudiak eta testuak egin genituen gelan. Gero, geneukan tomate landarea hartu, kuadernoak eta egindako lurrinak (usainak lantzeko), eta pozik abiatu ginen. Txikien gelan landareen atalak aurkeztu genituen. Haziak, erroak, zurtoinean adarrak, hostoak eta loreak. Loreetan ugalketa azaldu (erleak eta haizea polinizazioan) eta azkenean fruitua, haziak dauden tokia. Argazkiak atera genituen eta mikroskopioaren batzuk ere txertatu. Gustora ikasi genuen. Hurrengora arte.  5. mailakoak

Udazkeneko produktuen erakusketa

Udazkena etortzean, liburutegiko arduradunak erakusketa ederra oparitzen digu garaiko produktuek osatua. Intxaurrak, urrak, ezkurrak, kalabazak, pikuak, mahatsak, eztia, gaztainak e. a. Basoko fruituek eta hostoek ere apainduta. Produktu bakoitza hiru hizkuntzatan idatzia agertzen da, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesaz. Erakusketa honetan ikasleek ere parte hartzen dute ahal dutena ekarriz. Era honetan parte hartzen eta errespetatzen ikasten dute. Txikien andereñoak ikasleekin ikustera datoz. Gaiak erakusten zaizkie. Forma, kolorea, gogor edo biguntasuna egiaztatzen dute... batzuetan irudietan besterik ikusi ez dutena aurre-aurrean daukate. Erdiko pisuan kokatzen dugu, liburutegiaren alboan. Horrela ikasleek askotan ikus dezakete liburuen bila etortzean edota eskolaz kanpoko ekintzak egiterakoan. Nahi duena ere etor daitezke nahi badu.

10-11 Ikastetxeko Gida

09-10 Azken Jaia

Basondo

1. eta 2. maila

Getxoko Dinosauro Parkea

3., 4., 5. eta 6. maila

Eskolako txikiak Artxandan egon gara

Irudia
09/10 Artxanda

Azken jaiaren egitaraua

Kontu Kontari

Familien partaidetza bultzatu nahian eta beste herrietako kulturak ezagutzeko asmoz, martxotik aurrera, arratsaldeko 4:00 etatik 4:25 arte, kontu kontari ibili gara 2 urteko geletan. Oso esperientzia polita izan da, alde batetik gurasoen partetik oso jarrera ona izan dugulako eta beste aldetik, umeak poz-pozik eta buru belarriz egon direlako. Ipuin kontakizunak, argazkiak, kantak, jolasak... denetarik izan dugu. ESKERRIK ASKO parte hartu duzuen guztioi eta hurrengo ikasturtetan honekin jarraitzea espero dugu. 2 urteko gelak

Bilbo garbi

Maiatzean 5. eta 6. mailako neska-mutilok irteera berezia izan genuen. Bilbao garbi zaborra batzeko garraio zerbitzua ikustera joan ginen Elorrietara eta Ametzolara autobus dotore batean. Ibilgailu mota desberdinak azaldu zizkiguten. Oso garbiak danak. Baina interesgarriena Ametzolako zaborrak batzeko sistema pneumatikoa izan zen. Usainik ere botatzen ez zuena. Zaborren arazoaz kontzientzia hartu genuen. Gutxiago sortu, birziklatu eta berriztu. Beti ere jatorrian sailkatzea beharrezkoa dugu eta gure eskuetan dago, kartoia eta papera, ontziak eta plastikoak, bidrioa, organikoa, pilak...  Txangoa asko gustatu zitzaigun. Aida, María, Kevin eta Adrian - 5. maila

Bide-hezkuntza

Pasa den astean bide-hezkuntzara joan ginen, bertan erakutsi ziguten bide-hezkuntzako arauak: haietariko bat zen beti seinaleei kasu egin behar zitzaiela. Gauzak ikasi eta gero praktikan jarri genuen haiek erakutsi zigutena . Bizikletak hartu eta bueltaka hasi ginen, gauza bat txarto egiten genuenean multa txiki bat jartzen ziguten eta 5 minutu jolastu gabe eta oinezko bezala ibili behar genuen. Benetakoa zirudien eta oso ondo pasatu genuen. Erlantz eta Ruben - 6. maila

Ibarrekolandako institutuan

Maiatzean Ibarrekolandan egon ginen institutua ikusten. Eskolan gurekin egon zirenak ere ikusi genituen: Junior, Javi, Aitor, Sebastian, Eder, Andoni, Aritz, Ivan... Joserra eta Itziarrekin joan ginen. Futboleko zelaia ikusi genuen eta frontoia ere bai. Jantokia eta gimnasioa ikusi genuen. Futbol zelaian harrapaketara jolastu ginen. Oso ondo pasatu genuen. Gorka eta Emilio  -  6. maila

Ongi etorri Saloua! ترحيب

Maiatzaren 21ean ospatutako Kulturartekotasunaren egunari jarraipena emanez, Marokoko eskolako ama bat, Saloua, 3. mailakoen ikasgelara etortzeko gonbidapena luzatu genion. Ordubete eman zuen gurekin hizketan. Guk galderak egiten genizkion bere herrialdeari buruz, eta Salouak atsegin handiz erantzuten zizkigun. Aurretik, Marokoaren gaineko hainbat informazio bagenekien, baina askoz ere biziagoa eta motibagarriagoa egin zitzaigun bere ahotik entzunda. Xabierren eguna zen, eta Salouak “zorionak” abestu zion arabiarrez eta frantsesez. Amaitzeko, eskerrak eman eta marrazki batzuk oparitu genizkion.

Kulturartekotasunaren eguna

Irudia
Maiatzaren 21ean, Deustu ikastetxeko partaide guztiok (guraso, ikasle eta irakasleok) ekintza ezberdinetan aritu gara munduko kulturak hobeto ezagutzeko. Ekintza hauetan beste herrialde batzuetako Kultura eta ohiturak aztertu ditugu. Horretarako ipuinak, hormairudiak, pelikulak eta jakiak erabili ditugu. Ipuinak landu ondoren, ikasleek ondoko gelakoei konta diete landutako ipuina. Goizean zehar, ikasleek munduko mapan euren argazkiak ipini dituzte. Astean zehar, kulturaniztasunari buruzko pelikulak ikusi ditugu. Emanaldi honetan, ikuskera zabala eta kritiko batean oinarrituta, gaur egungo gaiak sakontzeko aukera eduki dugu ikasleekin batera. Kulturartekotasunaren lanak sakondu ondoren, ikasleek herrialde desberdinei buruzko muralak osatu dituzte patioan. Guraso elkarteak antolatuta eta familien laguntza eta parte-hartze zuzenarekin, janari ezberdin dastapena antolatu dugu.

Erakusketatik museoetara

Aurreko hilabetean Euskal Museora joan ginen. Goiz osoa kanpoan pasatu genuen. Hasteko, Bidarten zegoen eskulan erakusketa batera joan ginen. Gero, metroa hartu eta alde zaharrera Euskal Museoa. Maketa, pinturak, arrantza eta abeltzantza, esku pilotaren erakusketak ikusi genituen. Ondoren La Caixak Done Jakueri buruzko erakusketa bisitatu genuen, oso interesgarriak denak eta oso ondo portatu ginen, hala esan ziguten behintzat. 6. maila

Athleeeeeetic!... Eup!

Aurtengo azken entrenatze saioan Athletic ikustera joan ginen Lezamara. Deustu-Lezama trena itxiko zuten aste horretan bertan eta bidaia interesgarria iruditu zitzaigun deustuarrentzat mila istorio gordetzen dituen trenean. Egun euritsua izan genuen eta busti egin zitzaigun autograforen bat. Jabi Martinez, Koikili, San José, iker Muniain… Argazkiren bat ateratzeko aukera ahaztu gabe, gero bueltan ikusteko. “Athletikc herritik sortu zinalako maite zaitu herriak…”, dio kantak, “zu zara nagusia!”. 6. Maila

Patxi Gonzalez kanta-kontalaria

Gure eskolako Euskal Astearen ostegunean “Patxi Gonzalez” kanta-kontalaria egon zen 6. eta 5. mailakoekin. Aktorea eta kantaria da. Lehenengoz bere abotsaren kordak erakutsi zizkigun eta bere funtzioak, zertarako balio zuten. Euskal abesti asko abestu genituen, athletic-en ereserkia ere bai. “Maritxu nora zoaz?” abestu genuen era askotara, rock, pop, barre egiten, e. a. Oso ondo pasatu genuen. Espero dugu hurrengo urtean ere etortzea.

Iratxe Unzurrunzaga ipuin kontalaria

Maiatzaren 6an, Euskal Astea dela eta, 2. mailako taldeok joan ginen liburutegira Iratxe Unzurrunzaga, ipuin kontalaria, baitzegoen. Neska-mutilek isilik eta arreta handiz entzun zioten. Saio amaieran tailer txikia egin zuten. Ipuinaren pertsonaia nagusia barraskiloa zenez, ba, paperez barraskiloa egin zuten. Umeak poz-pozik ihardun zuten bi ekintzetan. Beraien gustokoa eta oso dibertigarria izan zirela komentatun zuten.

Leire Bilbao idazlea gure liburutegian

Leire Bilbao idazle bat da. Liburutegian egon zen 6. eta 5. mailakoekin liburuak erakusten eta galderak erantzuten. Liburu bat ere irakurri dizkigu; “Gela-zikin”. Beste liburu batzuk erakutsi dizkigun: “Amonak nobioa du”, “Ezkatak” eta beste. Gorka eta Emilio

Arratsalde on Antton Kazabon

Maiatzaren 4an, baina arratsaldez, 3. eta 4. mailako ikasleok bildu ginen liburutegian Antton Kazabon idazlearekin egoteko. Ikasturtean zehar idazle honen hiru liburu irakurri behar izan ditugu: MOMOLO, AZKEN TXANTXANA eta TTANTTO. Hasieran, galdera batzuk egin genizkion eta berak bertsoz-bertso erantzun zizkigun. Pilotazale eta neurri batean pelotaria ere izanda, irakatsi zigun zelan egin larruzko pilota bat. Ahokorapiloak irakurri genituen lehiaketa txiki batean eta txapeldunek sariak jaso zituzten.

kontu-kontari Lur Korta ipuin kontalari

Maiatzaren 4an, eskolako liburutegira hurbildu zitzaigun LUR KORTA ipuin kontalaria. Oraingo honetan, 3. mailako ikasleok izan genuen aukera bere ipuinak eta istorioak entzuteko: Fremin untxiarena. Kristina printzesarekin ezkondu nahi zuten “ Lizeto ”, “ Mario” eta “ Markel”-ena. Animalia ezberdin bilakatzen zen liburua ere ikusi genuen. Eta zintzo portatu ginenez, ez zuen bere poltsan omen zekarren “kakamokordoa” atera behar izan.

Lelo lehiaketa

4. eta 6. mailako ikasleek Euskal Asterako Txartel eta Lelo Lehiaketa asmatzeko arduradunak izan dira. Hemen dituzue ikasleek aurkeztutako lanak. Ikusten duzuenez lan bikainak! 4. mailako bi ikaslek egindakoa izan da irabazlea. http://marisasoto.glogster.com/lehiaketa/ Fuente: http://b01eskola20.wikispaces.com/Kliketaekin

Ekintza osagarriak eskolako liburutegian

Lehengo egunean liburutegira joan ginen eta Pedro Alegría, matematikako aztia ikusi genuen emanaldian. Magiazko joku batzuk erakutsi zizkigun. Kartekin asmatu, ordenagailuarekin jokuak eta azkenean kartak oparitu zizkigun. Oso majua da. Eskolako 5. eta 6. mailakoei asko gustatu zitzaigun. Hau da bere bloga: http://www.automagia.com/

Ipuin kontalari

Apirilaren 13an, eskolako Liburutegian Rosa Mª Martínez, ipuin kontalaria, ikusteko eta entzuteko aukera izan genuen. Umeentzako oso ekintza erakargarria izan zen bere ipuinak kontatzeko zenbait txotxongilo erabili zituen eta. Bi saio eman zituen, bata 5 urteko umeentzat eta bestea 1. mailakoen ikasleentzat. Ikusteko aukera baduzue ez galdu oportunitatea, merezi du eta.

Udaleko hezkuntzako ordezkariak gure eskolan

Apirilaren 13an, Ibone Bengoetxea zinegotzia eta Bilboko udaleko hezkuntzako zuzendaria gure eskola ikustera etorri ziren. Euren asmoa gure premiak zeintzuk ziren ezagutzea izan zen. Zuzendariarekin batera eskola ikusi eta berak aipatu zituen beharrak jaso eta argazkiak ateratzen ibili ziren. Zerrenda luze horretan hainbat gauza aipatu genien: antzokiko jesarleku berriak, eskola guztia udan margotzea, “atezainaren etxean” irekigailu automatikoa eta leihoak berritzea, kanpoko patioan gurasoentzako jesarlekuak... Espero dugu guztion artean gure eskola gero eta dotoreagoa bihurtzea.

Udal liburutegira joan gara

   Gaur, 2010-03-16a, 10:00etan lehenengo mailako ikasle eta irakasleak Bidarteko Udal liburutegira joan gara Mertxe eta Anarekin. Han Maite Arresek, ipuin kontalariak, istorio eta ipuin batzuk kontatu dizkigu. Ipuinak erakargarriagoak izateko bere lagunak aurkeztu dizkigu: zebra, armiarma, sugea, krokodiloa,… Maite Arresek alde egin duenenan guk liburutegiko apal batzuk arakatzeko aukera izan dugu. Oso esperientzia polita izan da eta norbaitek kontalari hau ikusteko aukera izatekotan, aprobetxatu dudarik gabe!

Plentziako ONTZIren gela

Martxoaren 9an, 3. mailako ikasleok Plentziara joan ginen itsasadarraren ingurunea bertan ikustera. Eguna hotza izan zenez (atera baino lehen elur eta guzti izan baikenuen) berokia, tapaukia, txanoa eta eskularruak jantzi genituen. Heltzerakoan Bizkaiko Aldundiaren begirale batek inguruneari buruzko informazio asko eman zigun. Gainera, hurbil zeuden animalia batzuk ikusi genituen: kaio hanka-horiak, kaio moko-gorriak, lertxuntxoak, ahate basatiak, karramarroak, zalduntxoak, muskuiluak…. Hamaiketakoa hartu ondoren, ONTZIren gelan fitxa bat egin genuen. Azkenean, hor zegoen akuarium txiki bat ikusi eta gero bisitaldia amaitu zen. Bazkaldu ostean jolasteko denbora izan genuen. Oso irteera ikusgarria izan zen!

Mec mec etorri da!

Mec mec lehenengo mailakoak ikustera etorri da. Gure planeta asko gustatzen zaio, baina asken urteotan gero eta zikinago eta beroago dagoela ikusi du, horregatik guregana laguntza eske etorri da. Konpromezu batzuk hartu ditugu: piladun jostailu gutxiago eskatu, zarama biltzeko edukiontziak erabili eta argiak eta ura bakarrik beharrezkoa denean erabili. Planeta zaintzea denon lana da! 1go mailako ikasleok.

Aratusteak 2010

Agate Deuna 2010

Guggenheim museora

Urtarrilaren 21ean 5. eta 6. mailako neska mutilak Guggenheim museora joan ginen. Museoan etxe batzuen maketak ikusi genituen. Interesgarriena zen etxeak mendi punta batean zeudela. Gainera, etxeak 1962an egin ziren. Oso modernoak ziren. Laberinto batzuk ere ikusi genituen. Horietara sartu ginen. Haietako bat suge modukoa zen, eta suge izena zuen. Beste bat espiral modukoa zen. Laberinto horien hormak altzairuz eginda zeuden. Azken ordu erdian gure ametsetako etxea diseinatu genuen. Batzuk 3 Den (3 dimentsioetan) eta beste batzuk, berriz, bakarrik margoztuta. Oso ondo pasatu genuen.